HKEE eta Eusko Jaurlaritza

Printzipio klasiko batek agintzen du hiru botereen bereizketak, Legegilea, ,Exekutiboa eta Judiziala, araubide demokratikoak izan behar dituela oinarri. Testuinguru honetan, Epaitegiak egiten duen ekonomia eta dirubidezko kontrolak, botere legegileak Gobernuan egin behar duen kontrolari laguntzeko balio du.

Funtzio hau argi adierazi zen HKEE sortu zenean.Honela, bada, Autonomia Gobernua eta honen Administrazioa Epaitegiaren fiskalizazio lanaren hartzaile nagusi bihurtu dira. Bada, Epaitegiak urtero ezinbestean egin behar duen fiskalizazioetako bat, Autonomia Erkidegoaren Kontu Orokorraren kontrola da.

HKEE, Gobernua ekonomia gaietan kontrolatu behar duen erakundea izateak ez gaitu interpretazio mugatua egitera eraman behar.
INTOSAIko Limako Adierazpenak dioen legez, kontrola bera ez da helburu bere horretan. Ordea, botere publikoek egin litzaketen lege, errentagarritasun, erabilera eta arrazionaltasun printzipioen arauzko desbideratzeak azaleratzeko baliabidea da. Era honetan baizik ezingo dira beharrezko neurriak bideratu eskura ditugun baliabideak hobetzeko.

Denborak erakutsi du HKEEren aholku eta gomendioek baliabide erabilgarrien kudeaketa hobetzea lortu dutela hainbat erakunde publikotan. Hala ere, hasierako txostenetan azaleratutako hainbat huts errepikatu egiten dira ondorengo fiskalizazioetan. Egoera honek, zer pentsatu sakona izateko abiapuntu izan behar du, erakunde publikoek Epaitegiak mamitzen dituen lanei ematen dien arretaz hausnarketa egiteko.

Aurreko guztiagatik, argi dago fiskalizatzaile eta fiskalizatuaren arteko harremanak estua behar duela izan, hori delako baliabideen banaketan arrazionalizazio handiagoa lortzeko modu bakarra. Halaber, garrantzitsua da bikoiztasunik ez gertatzea, Epaitegiak burutzen duen kanpo kontrolak Administrazioaren zenbait sailek egiten duten barne kontrola zapaldu edo estali ez dezan.