Lan motak

Osokoak Urteko Lan Programa onesten duenean ematen zaio hasiera HKEEren jarduera fiskalizatzaileari. Programa honek dagokion ekitaldiko urtarrilaren 1 eta abenduaren 31 bitartean egingo diren fiskalizazio lanak besarkatzen ditu.

Lanak Urteko Planean jaso ahal izatea honako egoera hauek mugatzen dute:

  • Nahitaezko lanak.  Legez HKEEk urtero honako fiskalizazio-lan hauek mamitu behar ditu:
    • Euskal Autonomia Erkidegoaren kontua.
    • Foru aldundien kontuak.
    • Eusko Legebiltzarrak onartutako eskaera bereziak.
    • Eusko Legebiltzarrerako edo Batzar Nagusietarako Hauteskundeei dagozkien hauteskunde gastuen kontuak.
  • Nahitaezkoak ez diren lanak.
    • HKEEk Eusko Legebiltzarraren Ekonomia eta Ogasun Batzordeari eta Batzar Nagusietako dagozkien Batzordeei urtero eskatzen die haien iritzira Lanerako Planean jaso beharreko diren jarduerak jakinarazteko. Horiek lehentasuneko fiskalizazio lanak dira, aipatutako batzordeek eskatutakoak.
    • Berebat, Osoko kide bakoitzak bere ustez HKEEk egin behar lituzkeen lanak mahairatzen ditu, nork bere erantzukizuneko esparruaren baitan.
    • Badira, gainera, nahitaez egin beharreko ez badira ere, HKEEk nolabait urtero egitea egoki iritzitako zenbait lan. Horren adierazgarri da Udalen Txosten Diagnostikoa.

Osoko kide bakoitzak eskaeren edukia aztertzen du eta eskurako baliabideen arabera, Osokoari bere gain har ditzakeen lanak eta, honenbestez, Urteko Lanerako Planean barne har daitezkeenak proposatzen dizkio.

Osokoak kide bakoitzak egindako proposamenak aztertu ondoren, Lanerako Plana onesten du eta, kasua bada, bideratuko ez diren eskaerak justifikatuko ditu, gehienetan baliabide ezak eraginda, edota proposatu diren beste lan batzuk baino interes gutxiago dutela irizten dielako, dela aurreko urteetan egin direlako, dela unean uneko egoerak etorkizunean egiteko uztea aholkatzen duelako.

Onetsitako Lanerako Plana Eusko Legebiltzarrera igortzen da; Planak, jakina, nahitaez egin beharreko diren lan guztiak besarkatzen ditu eta lehentasuna ematen die Legebiltzarraren beraren Ekonomia eta Ogasun Batzordearen eskaerei.

Ekitaldian zehar HKEEren Osokoak Lanerako Plana aldarazteko erabakiak har ditzake.