Fiskalizatzeko hiru irizpide

Fiskalizatzeko hiru irizpide

Kanpo kontrolerako fiskalizazioaren helburua beti izan da erakundeen kontuak kontularitzako araudira egokitzen zirela egiaztatzea. Hau da, ez zegoela kontularitzako inongo desbideratze edo irregulartasunik; honi, auditoria finantzarioa deitzen zaio. Apurka apurka, txosten mota hau legezkotasunaren gaineko kontrola ere egiten hasi zen, erakundeen jarduerek kasu bakoitzari aplikagarriak zaizkion lege-arauak betetzen zituztela egiaztatzeko. Honi, berriz, legea bete izanaren gaineko auditoria deitzen zaio.

Fiskalizazioaren garapenaren aldi hau gainditu ondoren, beharrezkoa da beste irizpide bat sartzea. Fiskalizazio operatiboa edo kudeaketazkoa, beste arlo batean eragina daukana, hain zuzen ere. Bere zeregina Administrazioak egindako kudeaketaren emaitza neurtzea da, hobetzen saiatzeko. Hau da Kanpo Kontroleko Organoek hautatu duten ildo nagusia.

Erabateko kalitatea eskuratu nahi izateak, baita zerbitzu publikoak ematean ere, justifikatzen du fiskalizazio mota hau. Orain ez da nahikoa administrazioek funts publikoak inbertitzen dituztenean legeak eta arauak betetzea. Aukera guztien artean egokiena hautatu dutela frogatu beharko dute.

Fiskalizazio mota honi esker, kudeatzaile ezberdinen jarduerak konpara daitezke, akatsak ikusi eta etorkizunean zuzendu ahal izateko. Euren lana zuzen egiteko asmoz, politikariek eta kudeatzaileek herritarren beharrizanak aztertu behar dituzte. Herritarrak kezkatzen dituzten gaietan sakondu eta haien lehentasunak zeintzuk diren jakin behar dute. Era honetan soilik egokitu ahal izango dituzte euren zerbitzuak gizarte eskakizunetara.

Hiru dira ikuskapen mota berri honi buruz hitz egitean beti aipatzen diren hitzak: eraginkortasuna, efizientzia eta ekonomia. Hiru printzipio hauek izango ditu oinarri Administrazio, kudeatzaile eta herritarren arteko loturak.

Eraginkortasuna erakunde batek zenbait ekintza gauzatzerakoan ezarri dituen helburuak eta azkenean lortzen dituenak konparatzetik sortzen da. Hitz labur esateko, egin nahi denaren eta azkenean lortzen denaren arteko aldea da. Administrazio bat are eraginkorragoa izango da, zenbat eta bere praktika eta helburuak hurbilago dituen.

Efizientzia, erakunde batek eskaintzen dituen zerbitzuak eta horiek lortzeko erabili behar izan dituen baliabideei dagokie. Administrazio bat are efizienteagoa izango da kalitatezko zerbitzu bat emateko baliabide gutxiago erabili behar duen neurrian. Azkenik, ekonomia, emaitzarik onenak ahalik eta kosturik txikienarekin lortzea da; hau da; ahalik eta baliabide gehienak aurreztuta.

Gai honetan itzal handiena duten adituak bat datoz auditoria operatibo on bat egiteko ezinbesteko bi osagai daudela adieraztean: teknikoki kualifikazio handiko auditoreak behar dira, behar adinako prestakuntza eta beharrezko trebezia guztia izango dutenak; horrekin batera ezinbestekoa izango da auditoria-gai diren erakunde publikoen laguntza jasotzea. Hauen laguntza jaso ezean, ezin da fiskalizazio operatiborik egin.

Fiskalizazio operatiboak egiteak hainbat arazo eragiten dizkie Kanpo Kontrolerako Erakundeei. Lehenik eta bat, fiskalizazio finantzarioak eta legezkotasunekoak baino lan handiagoa egitea eskatzen dute. Mota honetako fiskalizazioak egin ahal izateko fiskalizazio erakundeak baliabide materialak eta langile bereziak eta arlo askotan lan egiteko gai direnak behar ditu.

Fiskalizazio-gai izan den aldia eta txostenak jendaurrean jartzen diren egunaren arteko desfase hori ere fiskalizazio operatiboaren arrakastaren kontrakoa da. Askotan, emaitzak jakitera ematen direnean jada ez dute garrantzirik. Fiskalizazio mota hau eraginkorra izango da soilik emaitzek denboran gertutasuna badute.

Txosten hauek egitea zailtzen duen beste ezaugarri bat, auditoreek administrazio publikoek garatzen dituzten zerbitzu eta jarduerei buruzko informazio zuzena –adierazle fidagarriak izango dituztenak- lortzeko daukaten zailtasuna da.

Auditoria finantzario eta legezkoek erreferente argia daukate. Arau eta legeetan oinarritzen dira eta honenbestez, auditoreek zehatza den zerbait dute abiaburu. Kontrara, fiskalizazio operatiboek kalitatea baloratzen dute, hasiera batean kuantifikatzen zailagoa dena. Hori lortzeko, emaitzen azterketa egiteko bide emango duten erreferentziazko parametroak bilatu behar dira. Hartutako datuek gainera, txostenetan jasoko diren ondorio eta gomendioak euskarrituko dituzte.

HKEEk askotan erakutsi du fiskalizazio txostenek eraginkortasun, efizientzia eta ekonomiaren azterketan sakontzeko duen interesa. Hala ere, aurrekontuak programen arabera egiteak eragiten dituen gutxiegitasunak, helburuak, ekintzak eta adierazleak adieraztean, askotan desio hau azken emaitzetan ongi ez islatzea dakar.