HKEE eta KKOak

HKEE-ren eta bestelako kanpo kontrolerako organoen arteko harremanak

Zenbait autonomia erkidegok Kanpo Kontrolerako Organoak eratu dituzte hainbat izen ezberdin emanez. Hala nola, Nafarroa (Nafarroako Comptos Ganbera), Katalunia (Sindicatura de Comptes de Catalunya), Valentziako Erkidegoa (Sindicatura de Comptes de la Generalitat Valenciana), Galizia (Consello de Contas de Galicia), Euskadi (Herri-Kontuen Euskal Epaitegia); Kanariak (Audiencia de Cuentas de Canarias); Balear Irlak (Sindicatura de Comptes de les Illes Balears), Asturias (Sindicatura de Cuentas del Principado de Asturias) Madril (Cámara de Cuentas de la Comunidad de Madrid) eta Aragoi ( Cámara de Cuentas de Aragón).

Kanpo kontrolerako kontrol organo autonomiko ezberdinek, ia sortzetik, euren arteko lotura bideak indartu dituzte. Lotura hau hainbat hitzaldi, mintegi eta prestakuntza saioen antolamenduan gauzatu da eta horietan erakunde ezberdinetako kideek esperientzia komunak partekatu dituzte, euren ezagutzetan sakontzeaz batera.

Erakunde hauen guztien arteko koordinazioa nabarmen areagotu zen 1995etik aurrera, Auditoría Pública aldizkaria argitaratzen hasi zen urtetik aurrera, alegia. Kanpo kontrolerako organo autonomiko guztiek argitalpen hau abian jartzen esku-hartu zuten eta horietako lehendakariek osatzen dute argitalpen kontseilua.

Kanpo kontroleko erakunde autonomikoen arteko elkar-laguntza, HKEE eta Comptos Ganberaren kasuan agerikoa da. 1992ko urriaren 8an erakunde biek Elkarlaguntzarako Itune Markoa izenpetu zuten eta horri esker bien arteko loturak indartu ziren, bai langileen espezializazioan bai eta fiskalizazio prozeduraren ereduan ere.

Bi erakunde hauen arteko elkarrekikotasuna ez da teoria mailara edo agirien trukera mugatzen; aldiz, elkarrekin fiskalizazio txostenak ere egin dituzte, esate baterako Euskatzaindiari buruz egindakoa, edo Leizaran autobideari buruzko txosten partekatua, hain zuzen ere.

2006ko urtean Kanpo Kontrolerako Organoen Lehendakarien Batzordea eratu da eta hauen lehenengoetariko jarduera Iruñeko Adierazpena idatzi eta aho batez onartzea izan da, kanpo kontrolak zer-nolakoa izan behar duen jasotzen duena.

2015ean bihileko buletin bat argitaratzeari ekin zaio, albiste eta epe horretan argitara emandako txostenen berri emango duena; berebat, KKOek euren historian argitara emandako txosten guztien biltegi izango den web orria sortu da.