HKEEko kideen profila eta ibilbidea

ANA HELGUERA LÍBANO

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitatean. TVCP-HKEEko funtzionarioa da 1992az geroztik; aurrez Arthur Andersen enpresan lan egin zuen eta Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialeko kide da. Prestakuntza zabala du arlo hauetan: kontuen fiskalizazioa eta auditoretza, eraginkortasunaren eta efizientziaren auditoria kudeaketa publikoan, kontabilitatea eta aurrekontu-kudeaketa, kontratazio publikoa, dirulaguntzak, gardentasuna eta parte-hartzea eta berdintasun-politikak. Euskalduna da eta ingelesa eta frantsesa ere hitz egiten ditu.

 

JOSE ANGEL QUINTANILLA

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, 1981ean. Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko funtzionarioa da 1991z geroztik. Arthur Andersen & Co Auditoretzako Enpresan lan egin du (1983-1989), eta Zinpeko Kontu Zentsoreen Institutuko eta Ekonomialari Auditoreen Erregistroko kide da. Gaur egun Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialeko kide da (ROAC). Euskal Herriko Unibertsitateko gerente (1996-1998) eta EiTB Taldeko zuzendari-gerente (2009-2013) lanetan erantzukizun publikoak izateaz gain, hainbat alditan Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko auditore-buru (1989-1996) (2002-2009) eta kontseilari (2013-2015) izan da. Gaur egun, eta 2015etik, Erakundearen lehendakariordea da.

 

INMACULADA ANDA APODACA

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua eta Lan Harremanetan diplomatua, Euskal Herriko Unibertsitatean. Arabako Foru Aldundiko funtzionarioa da 2000ko urteaz geroztik, lan-ibilbidea kontu-hartzailetzaren eta kontrolaren, aurrekontuaren eta kontabilitatearen alorretan gauzatu du; baita, kudeaketaren alorrean ere. Halaber, aurrez, elkarren bermerako sozietate batean lan egin zuen. Euskara: 3. hizkuntza eskakizuna

 

Mª TERESA CRESPO DEL CAMPO

Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean 1989an, eta Enpresen Zerga Aholkularitzan masterra egin zuen Enpresa Institutuan (Madril) 1990ean. 2009an Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko idazkari nagusi lanetan aritu zen 2015era arte, eta urte horretan erakundeko bokal izatera pasa zen. Aurretik, hainbat enpresatan lan egin zuen: Coopers & Lybrandeko Aholkularitza Fiskal eta Legaleko kudeatzaile (1990-1999); Arabako Foru Aldundiko Ekonomiako zuzendari (1999-2005); Vital Kutxako bigarren lehendakariorde (2000-2004) eta lehen lehendakariorde (2004-2008); eta bulego profesional batean.

 

JAIME DOMINGUEZ-MACAYA LAURNAGA

Zuzenbidean lizentziatua UNEDen; Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean; Zuzenbidean doktorea Burgosko Unibertsitatean; Zuzenbidean Espezializazio eta Ikerketako Unibertsitate Masterra Zaragozako Unibertsitatean. 2015etik 2021era, Ogasun eta Finantzetako zinegotzi ordezkaria eta Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria izan zen Donostiako Udalean, eta, gainera, tokiko esparruan beste kargu batzuk ere bete zituen. Aurretik, Eusko Jaurlaritzan hainbat ardura-kargu izan zituen: Informatika eta Telekomunikazio zuzendaria (2013-2015); Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko lehendakariordea (EJIE), ITELAZPIko lehendakariordea eta IZENPEko presidentea; Eusko Jaurlaritzako Ondare eta Kontratazio zuzendaria ere izan zen (1995-2009). Gainera, kontratazio elektronikoari, sinadura elektronikoari, administrazio elektronikoari eta fakturazio elektronikoari buruzko hainbat liburu eta artikuluren egilea eta egilekidea da. Hitzaldiak eta ikastaroak eman ditu arlo horietan. Hizkuntzak: Euskara eta frantsesa.

 

XABIER TXOKARRO AMUNARRIZ

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko kontseilaria 2015eko ekainaz geroztik. Aurretik, Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganbera Ofizialeko Finantza Administrazioko arduradun gisa lan egin zuen (1988-2007), eta Gipuzkoa-Donostia Aurrezki Kutxako Administrazio Kontseiluko kide izan zen (2012-2014). Euskalduna da eta ingelesaren eta frantsesaren ezagutza du.

 

JOSU ZUBIAGA NIEVA

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitatean, 1986an. Herri Kontuen Euskal Epaitegiko karrerako funtzionarioa da. Aurretik auditore gisa lan egin zuen auditoretzako enpresa pribatu batean 1986ko uztailetik 1989ko azarora arte. HKEEn auditore eta auditore-buru lanak egin ditu 1989ko azarotik 2007ko otsailera arte, eta 2011ko uztailetik 2013ko urtarrilera arte. Gainera, Arabako Foru Ogasuneko zuzendaria izan da (2007-2011), eta Eusko Jaurlaritzan Ogasun Saileko Zerbitzu zuzendaria (2007) eta Segurtasuneko sailburuordea (2013-2021).

 

JULIO ARTETXE BARKIN

 

Zuzenbidean lizentziatua Deustuko Unibertsitatean (1988). Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko idazkari nagusia 2015etik gaur egun arte. 1992az geroztik Bizkaiko Abokatuen Elkargoko letratua da. Aurrez, erantzukizuneko hainbat postu bete ditu: BEAZen (2001-2004), Seed Capital Bizkaian (2003-04), Santurtziko Udaleko zinegotzi (2003-2004), hainbat erakundetako Zuzendaritza Batzordeko kide, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu eta Prestakuntzako foru diputatua (2004-2007), hainbat enpresa publikotako Administrazio Kontseiluko kide; 2008tik 2015era bitartean, Aholkularitza estrategikoan eta finantzarioan lanak egin ditu, eta, horrez gain, ezagutzaren zenbait esparrutako hainbat ikastaro eman ditu eremu pribatuan eta Lanbiden. Hizkuntzak: hirueleduna: euskara, gaztelania, portugesa; ingelesren eta frantsesaren ezagutzaz gain.