JARDUERA ESPARRUA

 

HKEEren 1/1988 sorrera Legearen arabera eta 1/1988 Legea 2. artikuluan aldarazten duen 6/2012 Legearen arabera, Epaitegiaren fiskalizazio esparrua honako hau da:

a) Euskal sektore publikoaren jarduera, Lege honen ondorioetarako honako hauek hartzen dituena:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean definitua dagoen moduan, 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onetsia.
  • Lurralde historiko bakoitzaren batzar nagusi eta foru aldundiak eta horien mendeko erakundeak eta sozietate publikoak.
  • Toki entitateak eta horien mendeko erakundeak eta sozietate publikoak, Ekonomia Itunaren Legean ezarritako ekonomia-finantza araubidearen berezitasunen arabera.
  • Zuzenbidean onartutako zeinahi moldepean sortutako edozein pertsona juridiko, zuzen nahiz zeharka euskal sektore publikoko erakundeek gehiengoarekin partaidetu edo finantzatzen badute, edo partaidetza edo finantzaketa gutxiengoa izanik, horiek batuta erakunde berean partaidetza edo finantzaketa gehiengoa izatea eragiten badu.
  • Aurrez zerrendatutako erakundeetatik eratorritako diru edo baliabide publikoak administratu edo erabiltzen dituen bestelako zeinahi erakunde.

 

b) Euskal sektore publikoaren ekonomia- edo finantza-laguntzak jasotzen dituen eta aurreko atalean sartzen ez den edozein pertsona fisiko edo juridikoren jarduera. Kontrolak laguntzei erabilera eta norako egokia ematen zaiela egiaztatuko du.

c) Laguntza izaera izango dute: diru-laguntzek eta salbuespen edo onura fiskalek; baita, euskal sektore publikoak dohainik edo merkatukoa baino prezio merkeagoan emandako ondasun zein industria ekarpen edo lagapenak, kredituak, abalak edo bestelako bermeak”.

1/1988 Legeak Herri Kontuen Euskal Epaitegiari aitortzen dion egiteko fiskalizatzailearen jarduera-esparru materiala ondoko atal hauek egiaztatzeko lanean laburbiltzen da:

  • Euskal Sektore Publikoaren jarduera ekonomiko-finantzarioaren legezkotasuna (ESP).
  • Euskal Sektore Publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia.
    Dokumentazio finantzarioa ezargarri diren kontularitzako printzipioei meneratzen zaiela egiaztatzea.
  • Jasotako laguntzei erabilera eta norako zuzena eman zaiela egiaztatzea.

 

Honezaz gain, HKEEren egitekoa ere bada ekonomia-finantza gaietan Eusko Legebiltzarrari aholku ematea, betiere Legebiltzarreko Osokoak hala eskatuta.