Txostenak egitea

HKEEren egiteko nagusia, Euskal Sektore Publikoaren ekonomia eta finantza jarduerak fiskalizatzea da. Egiteko hori ahalik eta berme handienaz egin ahal izateko, erakunde fiskalizatzaileak gaitasuna du erakunde publikoei beharrezko dituen datu guztiak eskatzeko.

Epaitegiak espediente guztiak ditu eskura eta egoki iritzitako egiaztatzeak egin ditzake. Bera da, berebat, fiskalizazio lana  Epaitegiaren egoitzan edo kontrolpean dagoen erakundearen egoitzan egingo den erabakiko duena; halaber, eskatutako informazioa aurkezteko epea ere berak zehaztuko du.

HKEEren lana eragozteko zeinahi ahalegin, lanari jarritako oztopotzat hartuko da. Honela hartzen da Epaitegiak eskatzen duen informazioa bidaltzeari uko egitea edo ezarritako epeak ez betetzea. Oztopatze guztiek arau-hauste izaera edukiko dute eta Epaitegiak Eusko Legebiltzarrari jakinaraziko dio.

Ezin ahantz dezakegu Legebiltzarrarena eta Epaitegiarena berarena dela ekimena txosten bat egitea proposatzeko unean eta honenbestez, erakunde biek fiskalizatzeko ekimena dutela.

HKEEren Osokoak Urteko Lan Programa onartzen du eta lan bakoitza lan hori burutuko duen lantalde teknikoari esleitzen dio. Auditore taldeek euren egitekoa gauzatu ahal izateko beharrezko duten informazio guztia biltzen dute, fiskalizatzen ari diren erakundearen egitekoei traba egin gabe. Datu hauek aztertzeko lana prozesuko atal oso garrantzitsua da eta ondoren behin-behineko txostena idazten da, ikerlanean ateratako ondorio nagusiak jasoko dituena.

HKEEk izena lortu du mamitu dituen fiskalizazio txostenen kalitateari dagokionez.

Kalitate hori eskuratzea ez da egiteko erraza izan. Txostenak dokumentu luzeak izan ohi dira, datu eta iritzi ugari jasotzen dituztenak eta horietan informazio kopuru handia erabili ohi da.

Auditore talde bakoitzak zorroztasunez aztertzen ditu txostenen edukia eta horien euskarriak. Hau guztia, ordea, ez da nahikoa.

Epaitegiak Kalitate Kontrola izenez ezagutzen den berme mekanismo bat bideratu du; bertan, beste aditu talde batek, txostenaren egikaritzan zerikusirik izan ez duenak, txostena egin duen taldearen lana berraztertzen du, behin betiko onetsia izan aurretik beharrezko diren betekizun teknikoak dituela egiaztatzearren. Era honetara, azaleratu ez den zeinahi eratako hutsik txikiena ere izatea saihesten da eta txostena azken fasera igaroko dela bermatzen da, ondorio guztien euskarria behin egiaztatu ondoren.

Baldin eta talde txostengilearen eta kalitate kontrola egin duen taldearen artean desadostasunak baleude, Batzorde Teknikoak aztertuko ditu horiek eta bere horretan iraungo balute, behin betiko Osokoak ebatziko ditu.

HKEEren Osokoak beharrezko iritzi zion aholku organo tekniko bat izateari, Epaitegiaren txosten guztiak Osoko bilkuran eztabaidatu eta onetsi aurretik aztertuko zituena.

Batzorde Tekniko hau Epaitegiaren lehendakariak, idazkari nagusiak eta auditore buruek osatzen dute.

Horietako saio bakoitzean aztertzen denaren gaineko akta egiten da. Berebat, gerora egingo diren txostenak idaztean baliatu beharko diren irizpide orokorrak hartzea eragiten duten erabakien gaineko oharrak jasoko dira.

Behin-behineko txosten hori, jada kalitate kontrola eta Batzorde Teknikoa gainditu eta Osokoak onetsi duena, fiskalizatutako erakundeei igorriko zaie.

Erakunde hauek Epaitegiak egindako oharpenen aurrean egoki iritzitako alegazioak aurkezteko epe jakin bat daukate.

Behin alegazio horiek aztertu ondoren, auditore taldeak behin betiko fiskalizazio txostena mamituko du eta alegazio horiek onartu nahiz saihestu, edo txostenean azaldu beharrekoak diren alderdiak adierazi edo txostena aldatuko du. Onartu ez diren alegazioak txostenaren testuari txertatuko zaizkio.

Txosten hau berriz aztertuko dute Batzorde Teknikoan eta HKEEren Osokoan, oraingoan behin betiko txosten modura onetsia izateko.

HKEEren Lehendakariak izenpetutako fiskalizazio txostena Eusko Legebiltzarrari eta fiskalizazio-gai izan den erakundeari aurkeztuko zaio eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialera igorriko da argitaratua izan dadin.

.